Albisteak

Hemen dira, berriro ere, San Pedro eta Santa Luzia jaiak. Beste urte batez, loiutarrok jai giroan murgiltzeko aukera ezin hobea izango dugu ekainaren 28tikuztailaren 1era arte. Horretarako, Loiuko Udalak, herriko hainbat elkarterekin elkarlanean, ekintzaz beteriko egitaraua antolatu du. Guztira, adin guztiei zuzendutako 50 ekintza baino gehiago izango dira: musika, gastronomia, kirola, dantza, pelikula emanaldiak eta abar luze-luze bat.

Ekitaldiak, ekainaren 28an hasiko dira Gure Etxea Nagusien Elkarteak antolatutako jubilatuen bazkariarekin.Jarraian, karpan, Bilbainadak (Iñaki Basaberen eskutik) eta dantza txapelketa egingo dira. Bitartean, Irtxan Taldeak antolatutako pala finalerdiak jokatuko dira frontoian. Eta 20:00etan, jaietako hasiera ofiziala, hots Udalak antolatutako eta Goi-Alde dantza taldeak girotutako Txupina eta Pregoia. Azkenik, egunari amaiera borobila emateko mariatxiak izango ditugu Loiuko taberna eta txosnetan barrena. Egunean zehar, gainera, Loiuko argazkigintza udal tailerraren erakusketa egingo da.

Ostiralean, ekainak 29, San Pedro egunean ekintza bereziak izango ditugu.  Jarduna 11:00etan irtengo den kalejirarekin hasiko da eta jarraian Loiuko Bakarrak Gazte Elkarteak antolatutako umeentzako tailerrei emango zaie hasiera. 12:00etan, mezaren ostean, organo kontzertua egingo da elizan, Pedro Guallaren eskutik. Jarraian, ohorezko aurreskua eta auzokide guztiontzako San Pedro eguneko hamaiketakoa izango dira. Horrekin batera ere, 13:00etan, herrian zehar Triki poteoa izango dugu. Gazteak protagonista izango dira 15:00etan Loiuko Bakarrak Gazte Elkarteak antolatutako Gazte Bazkarian eta arratsaldean, mugimendu pixka bat, 17:00etatik aurrera Loiuko Irtxan Euskal Pilota Elkarteak Pala Txapelketaren finalaurrekoak antolatuko ditu, kirola eta jaia batuz. Ordu berean ere, Loiuko Bakarrak Gazte Elkarteak antolatutako Nafarroa kanta ekimena izango dugu herriko kaleetan zehar. Ondoren, Loiu Laztana Elkartearen eskutik “Jesús Endemaño cumple 102 años” filma proiektatuko da liburutegian. 20:00etan Club Li Karate Loiu elkartearen erakustaldia egingo da eta ordubete beranduago, sukaldarien txanda izango da V. Tortilla Txapelketan. Akerbeltz eta DJ Munzak musika jarriko diote gauari 22:30etatik aurrera Herriko Plazan.

Larunbatean, ekainak 30, Santa Luzia egunarekin batera, jarduera gehiago. Hamalaugarren urtez jarraian Paella Txapelketak emango dio hasiera egunari 10:00etan. Aurrekoan bezala, ez da meza, organo kontzertua faltako, oraingoan, Miriam Cepeda eta Luis Alberto Requejoren eskutik ezta ohorezko aurreskua ere. 12:00etan Loiuk errealitate birtualeko betaurrekoak jantziko ditu Funkom gaming corner ekimenari esker. Eta arratsaldean, umeek ur txirrista batez gozatzeko aukera izango dute Aterpearen ondoan. Ondoren Loiuko Bakarrak Gazte Elkarteak antolatutako mus txapelketak, paella lehiaketaren sari banaketak, Urtzaren emanaldiak eta pala txapelketaren finalak osatuko dute arratsaldeko egitaraua. Azkenik, eguna ondo baino hobeto bukatzeko, kontzertu hirukoitza. 23:00etatik aurrera, Five Direction, En Tol Sarmiento eta Dj Ibai Sanchez izango ditugu Herriko Plazan. Aipatzekoa da gainera, aurten ere, aurrekoetan bezala, Udalak doako autobus zerbitzua eskainiko duela gau osoan zehar Txorierrira eta Bilbora.

San Pedro eta Santa Luzia jaien amaiera uztailaren 1ean izango da eta behar den bezala agur esateko, denetarik izango dugu. Goizean, kirola izango da protagonista nagusia. 11:00etan, emakume eta gizonezkoen padel finala ospatuko da eta ordubete beranduago, esku pilotako txapelketa, frontoian. 13:00ak aldera, kutsu solidarioa izango duen Txikitxef tailerra ospatuko da Danontzat Elkartearen eskutik. Ekitaldi berezia izango da oso, lortutako dirua La Cuadri del Hospi elkartearentzat izango baita. Eta arratsaldean, txikiek zein nagusiek gozatu ahal izango dute udalak antolatutako pailazo ikuskizunarekin eta pailazoak gustuko ez dituztenek, aldiz, idi probak izango dituzte ikusteko Larrakoetxe Herri Kirol Elkartearen eskutik.  Korrontzi taldeak musika ekarriko du Herriko Plazara, arratsaldeko 20:30etan eta azkenik,  Txokolatada  eta Pantxikoren erretzearekin batera amaiera ezin hobea emango zaie 2018ko jaiei. Disfrutatzera!

Egitaraua (PDF 227KB)